Hemen ez dago inor sobran. Parte hartu!!!
Atzerritarrei buruzko Legearen erreformaren Aurreproiektuaren kontrako kanpaina

Politikarien oportunismoak egoera ekonomikoa aprobetxatzen du migrazio-politika gogortzeko, etorkinak are babesgabeago bihurtuz. Krisiaren diskurtso mediatikoaren aitzakian, jatorrizko herrialdera bueltatzea sustatzen ari dira, elkargarapenari laguntza ematen diotela esanez; egoera irregularrean dauden pertsonen atxiloketa arbitrario gehiago daude; eta etorkinak beraien interes ekonomikoen arabera erabiltzen dituzte, bazterkeria egoerarekin jarraituz.
2008ko azaroaren 19an Atzerritarrei buruzko Legearen erreformaren Aurreproiektua onartu zen. Beste urrats bat etorkinen oinarrizko eskubideen aurka, eta Legea bera publikoki salatzeko modukoa den arren, merezi du hainbat aspektu nabarmentzea, etorkinen ongizatean daukaten eraginagatik:
- Aurreko ahaideak senideekin berriz elkartzeko trabak jartzen dira, elkartuko den pertsonak epe luzerako egoitza-baimena edukitzea eskatzen dute, eta elkartzen den aurreko ahaideak 65 urtetik gora izatea. Neurri hori senideekin elkartzeko eskubidearen urraketa argi bat da, eta etorkinak guztiz integratu daitezen lortzeko beste oztopo bat. Denok behar dugu familia bat.
- Jatorrizko herrialdera itzultzeko prozesuetan, adin txikikoek ez dute abokatua izateko eskubiderik, eta kanporatzea aipatzen da legea hausten duten kasuetan. Hori Adin txikikoen Erantzukizun Penalaren Lege Organikoaren aurkakoa da. Gobernuak adin txikiko etorkinak kriminalizatzen ditu, eta ahaztu egiten dute, beste edozeren gainetik, adin txikikoak direla.
- Kanporatzear dauden atzerritarrentzako zentroetan (CIES) denbora gehiago egon beharra, lehen 40 egun, orain 60. Horrela, askatasunaren oinarrizko eskubidearen aurka egiten da, arau-hauste administratibo soil batengatik. Are okerrago, ez daukate erregulazio bakar eta zentral bat, eta horrek are babesgabeago bihurtzen ditu.
- Beste arau-hauste larri batzuk gehitu dira, besteak beste, etorkinak egoera irregularrean egon daitezen eta herriko erroldan izena eman dezaten baimentzea, etxebizitza hori ez bada beraien benetako bizilekua. Neurri horrek osasunaren eta hezkuntzaren oinarrizko eskubideak ukatzen ditu.
- Erreformaren aurreproiektua gizarte erakundeen, eta orokorrean, herritarren aurkakoa da. Integrazioaren aldeko borroka arau-hauste administratibo larri bihurtzen du. Isunak 501 euro eta 10.000 euro artekoak ere izan daitezke, laguntza ematen diogun pertsona bakoitzeko.
Orain inoiz baino gehiago, gizarte-eragileok gure indarrak batu behar ditugu, zera ESKATZEKO:
- Gobernuak Atzerritarrei buruzko Legearen erreformaren Aurreproiektua bertan behera utzi dezala, etorkinen eskubideen atzerapauso argia delako eta integrazioa zailtzen duelako.
- Gizarte erakundeok Atzerritarrei buruzko Legearen erreforma proiektu erreal eta duin batean aktiboki parte har dezagun. Proiektu hori benetako aurrerapena izan beharko da, etorkinen eskubideak aitortuko dituena eta gizarte erakundeak eta etorkinak kriminalizatuko ez dituena.
- Administrazioek adin txikiko etorkinen tutoretza beraien gain har dezatela, babes eta integrazio osoa bermatzeko baliabideak emanez.
- Kanporatzear dauden atzerritarrentzako Espainian dauden 9 Zentroak (CIES) itxi daitezela, errepresio eta marjinazio bidea baino ez direlako. Pertsona horiek arau-hauste administratibo bat baizik ez dute egin, ez askatasuna kentzeko moduko delitu bat.
- Etorkinei ematen diegun harrera, laguntza eta integratzeko aukera guztiz despenalizatu dezatela; batez ere oso egoera babesgabean daudenei laguntzen diegunean: Egoera “irregularrean” daudenak.
Aurreproiektu horren bidez ezarri nahi duten migrazio-politikaren aurrean, gizarte erakundeok diskriminazioaren aurka eta eskubide-berdintasunaren alde lanean jarraituko dugu. Ez dugu amore emango eta migrazio-politiken gogortzea salatzen jarraituko dugu, jendea kanporatzen eta mugak ixten jarraitzen duten bitartean.
HEMEN EZ DAGO INOR SOBRAN!!!
Web hau ondo ikusteko FLASH programa deskargatu.
FIREFOX nabigatzaile librea erabili.
Webgune hau xhtml 1.1, css 2.1, php y MySQL programazio erramintak erabiliz garatu da, webguneak W3Cren (Consorcio World Wide Web) WAI (Iniciativa para la accesibilidad web) arauak A mailan konplitu ditzan zihurtatuz.
*Web gune honen eskubideak HARRESIAK APURTUZenak dira.